Herri Ondareari buruz

Herri ondarea, ahozko ondarea, kultura ondarea, ondare ikutuezina... Deitura desbardinak gauza bera izendatzeko. Zorionez, badirudi dagoeneko jaubetu garala ondarea jagon eta zaintzearen garrantziaz. Ondare berbea esangura zabalenean eta bere osotasunean hartuta, jakina; ondare etnografikoa (eguneroko bizimodua, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiai lotutako ekintzak eta errituak…); lexikala (berbak, esaera zaharrak, esamoldeak…); etnolinguistikoa (kantak, ipuinak, bertsoak…) besteak beste. Azken baten ikutuezin edo ikusezina dan ondarea, orain hamarkada batzuk arte belaunaldiz belaunaldi ahoz etorkun aberastasuna.

Azken urteotan jentearen bizimodua aldatu egin da guztiz: ohiturak gizartean, barrikuntzak eta aurrerakuntzak teknikan... Aldaketa handiak gertatu dira, bizimodu tradizionala aldendu egin jaku denpora gitxian. Horren ondorioz ahozkotasuna eta ondarearen berezko transmisinoa eten egin da.

Ondare hori modu sistematiko baten eta metodologia bateri lotuta batzea preminazkoa dogu. Horregaitik derrigorra da berreskuratze kultural eta linguistiko hori bideratuko dauan egitasmo oso eta behin betikoari heltzea. Horretan dihardu Labayru Ikastegiak azken hamarkadetan. Halan, ahoz, idatziz zein irudiz bildutako materialaren ikerketaren bidez helburu nagusi hori bete ahal izango dogu: herri-jakituria eta kultura tradizinoa batu, ondareori landu eta azkenean belaunaldi barriai transmitidu, bere aberastasunari eutsi eta iraunarazoteko; aurrekoak izan diran moduan ostekoak be, altxor horren jaube eta jagole izan daitezan.

Herri Ondareari buruz