• Mythological characters
  • 2018
  • ZEBERIO
Return

Baltzolako sugea

 

Anaje bi egon ei ziran Diman garia joteko prest. Gari-metak soloan zabaldu, udako kanikuleagaz, bero-bero egin, kizkortu eta garia joteko prest egozan. Horretan dabizala, suge demonino bat agertu jaken eta anaje txikerrak nagusiari esan ei eutsan: Tragaik hori! Eta nagusiak esan ei eutsan: Itxiok bakean, ze hori be Jaungoikoak egina dok!

Halan eta guzti be, igitaia hartu, jaurti eta buztan puntea ebagi eutsan eta estaldu egin jaken Baltzolako kobazuloan.

Gariok zabaldu, gariok jo eta anaia zaharrenari tokau jakon gerra batera joatea, eta denboragarrenean lizentziau eta etxerako bidea hartuz batera, Gabon eguna. Berak ez ekian non egoan be, eta halako baten, burumakur dagoala, pentsakor, gizon bat agertu jakon ondoan, ondo jantzita eta esan ei eutsan: Aldekoetxeko ozorroak (mesmeruak) orria berde! Eta berak erantzun: Hik zer dakik, ba, Aldekoetxeko barririk? Besteak: Nik jakin be bai! Akordetan haz zelan egon zintzien anaje biok soloan garia joteko, eta sugea agertu zanean anajeak ‘tragaik hori’ esan eban, eta hik Jaungoikoak eginda dagoala eta bakean ixteko. Ba, neu izan nintzoan, deabrua. Beitik, atzamar txikerra falta joat.

Zenbat baino gurago heunke Gabon gaua etxekoakaz egitea? Eta horretara erantzun: Gura gura, mundu dana baino gehiago, baina hori ezin dok. Eta besteak: Badok! Plantau hadi apurrin nire gainean, eta neuk eroango haut Baltzolako kobazuloraino hegaz. Baina, kondizino bategaz, ez dok egingo ez aitarenik, ez errezurik, ez Jesusik, bakarrik esango dok: arre diablo!

Haretan parau ziran, lepoan apurrin parau eta airean. Baltzolako kobazulora heldu ziranean esan eutsan: Etorri hadi neugaz barrura! Eta besteak: Ez, ez, barrura ez! Deabruak horretara: Etorri hadi! Barruan ikatz-txondorra eukan eta ikatza emon eutsan. Hau heutzako! Ta besteak: Zetako, nire aitak be egiten dau ikatza eta?Ez joat behar ikatzik! Deabruak: eroaik! Eta kanpora urten ebanean, urregorria. Eta: Emoistek gehiago! Deabruak: Ez, ze han barruan ez dok ikusi zera lo! Harek harrapetan bahoa, hik eta nik ez jaukuk zereginik! Joan hadi bake-bakean, eta gainera eroaik urregorri hau eta hartza baten gainean egon dok lo gure nagusia eta joan hadi etxera. Eta eroaiok hau garriko gorriau hire anajeari! Emoiok nire partez!

Etxera joan zan eta etxeko guztiak ikaratuta, etxera zelan heldu dan. Kontau eutsen zer pasau jakon eta anajeari esan eutsan: Autso garriko gorria! Hau emon jostek hitzako!

Anajeak: Nik zertako behar joat hori, ba?Lotu eiok ozorro gorriari, mesmeruari, lotu eiok! Lotzeaz batera, zuztar eta guzti galdu ei zan lainoen artean. Hain geratu ziran danak ikaratuta, urregorria parte onekoa ez zala pentsau eben, eta badaezpadan, etxean gastau beharrean, Gabon gaueko gauerdiko mezea pagetako erabiliko ebela, harik eta gastau arte San Pedroko eleizan, Dimako parrokian. Hori esaten ei dau ipuinak.

 

Informer: Manu Etxebarria